XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskarazko prentsak irauten gastatzen ditu bere indarrak

Atzo hasi ziren Euskalkom jardunaldiak Donostian

FELIX IBARGUTXI/DV DONOSTIA

Irauteari begira dago euskarazko prentsa.

Eta indar guztiak irauten gastatzen direnez, sektore hau ez da gaurregun gai, ez sustapenik egiteko, ez aldaketa kualitatiborik egiteko.

Hauxe da Jon Sarasuak atzo Euskalkom jardunaldietan aurkeztutako txosteneko ondorioetako bat.

Euskarazko prentsari buruzko jardunaldiok atzo hasi ziren eta gaur bukatuko.

Atzo Donostian hasi ziren Euskalkom jardunaldietako helburu nagusiak hauek dira: euskal prentsaren diagnostikoa egitea barrutik eta euskarazko prentsako agenteen arteko elkarlana bultzatzea.

Egunkaria, Argia, Elhuyar, Jakin eta Arrasate Presseko zenbait kide dira antolatzaileak.

Jon Sarasuak irakurri zuen lehen txostena: Sektorearen diagnostikoa.

Siadeco enpresak ezarritako metodologiari jarraiki, Egunkaria, Argia eta beste aldizkari batzuetako arduradunekin mintzatu da Sarasua bere txostena burutzeko.

Orain dela gutxi bere doktore-tesia burutu eta aurkeztu duen lizentziatu honek kazetari hizkerari buruz burutu ere honako hau esan zuen atzokoan, besteak beste: Irauteari begira dago euskarazko prentsa.

Eta indar guztiak irauten gastatzen direnez, sektore hau ez da gaur egun gai, ez sustapenik egiteko, ez aldaketa kualitatiborik egiteko.

Sektoreko lehentasunak hauek dira momentu honetan: merkatua (irakurlegoa) osatzeko, haundiagotzeko pausoak eman; eta azpiegitura indartu, ondarea gehituz.

Euskarazko prentsako arduradunei entzun ondoren, honela deskribatu zituen Sarasuak instituzioek sektore honi ematen dizkioten dirulaguntzak:

Hasteko, laguntza eskasa da, eta urgentziazko beharrak bakarrik betetzen dituena.

Gainera, ez da laguntza arautua, uneoroko borondateari atxikia baizik, eta, ondorioz, intzentibaziorako balio ez duena.

Sarasuaren iritziz, erakunde publikoek lehenbailehen finkatu beharko lituzkete jokuko erregelak eta publizitate-politika arautu bat sortu.

Bestalde, Sarasuak gogorarazi zuen euskarazko prentsako langileak oso soldata apalekin ari direla lanean:

Bataz beste, sektore audiobisualeko langileen erdia pasatxo kobratzen dute: hileko soldata gordina 100.000 pezeta izaten dute, gutxi gorabehera.

Inkestaren emaitzak

Ondoren Siadeco enpresako Kike Amonarriz jardun zen.

Hogei eta berrogei urte bitarteko euskaldunen artean egindako inkesta bateko emaitzak azaldu zituen.

Zazpirehundik gora laguni egin zitzaien inkesta.

Alde batetik, galdetu zitzaien Egunkaria irakurtzen al zuten.

Horietatik, %30ak sekula ez, %38ak noizean behin, %15ak astean behin edo bitan, %8,5ak ia egunero, eta %7ak egunero.

Inkesta horren arabera, guztira 32.000 lagunek irakurtzen dute egunean Egunkaria, baina irakurle horiek ez dira beti lagun berak.

Kontuan hartzen bada ale bakoitza lau lagunek irakurtzen dutela bataz beste, hedabide honen salmenta 8.000 alekoa da.

Hogei eta berrogei urte bitarteko populazio honen %4k euskarazko produktuak gehien kontsumitzen dutenen gunea osatzen du.

Guztira 9.000 lagun dira.

Egunkaria erosten dute oso sarri, ETB 1 ikusten, euskarazko irratia entzuten, eta baita liburuak eta aldizkariak erosten ere.

Gune oso fidel honen inguruan beste bat dago, Amonarrizek periferikoa deitu zuena.

Inkestatuen %6 dira, 13.500 lagun beraz.

Inongo kontsumorik egiten ez dutenak berriz ez egunkaririk ez liburu, aldizkari, irrati eta telebistarik inkestatuen %30 dira.

Amonarrizek azaldu zuenez, hogei eta hogeita lau urte bitartekoen kontsumoa askoz apalagoa da, inkestako gainontzeko lagunenaren aldean.

Gaurko gaiak

Gaur bukatuko dira jardunaldiak.

Goizean, Desafio berriak izenburupean, Pello Zubiria, Josu Landa eta Jesus Mari Zalakain arituko dira.

Ondoren, Jon Sarasuaren beste hitzaldi bat: Bi begiratu euskarazko kazetari hizkerari.

Eguerdian, mahai-ingurua erdal komunikabidetako hainbat lagunekin.

Gero, Peio Urzelaik Euskal komunikabideetako jeneroen gainbehera jorratuko du; ondoren, Iñigo Urrutiaren Legezko babesik ba ote?, eta, bukatzeko, mahai-ingurua elkarlanari buruz.

Euskal liburuekin ez da denda berezirik egin behar

Atzoko beste hizlarietako bat Elkar eta Zabaltzen enpresetako Jose Mari Sors izan zen.

Berak esan zuenez, euskal liburuekin ez da denda espezifikorik egin behar.

Horrela ez dugu ezer irabaziko.

Sorsen iritziz, guztiz normaldu da liburuen banakuntza.

Gaur egun, 24 ordutan, Euskal Herriko edozein tokitara eraman dezakegu liburu bat.

Oraindik ere, liburu gehienak liburudendetan erosten omen dira: %40-50.

Hiper eta bestelako superfizie handietan liburu gutxi saltzen dira oraindik %5-10, baina geroz eta gehiago salduko da epe laburrean.

Beste liburu batzuk eta batez ere faszikuloak kiosko eta paperdendetan saltzen dira.

Salmenten %20-30 izan omen liteke.

Beste salmenta-mota bat etxez etxekoa da.

Euskarazko liburua oso gutxi sartu da alor horretan.

Dena den, etxez etxeko merkatu hori kiskalia dago.

Eskrupulurik gabe saldu baita.

Baina ahalegina egin beharra dago lehenbailehen, esan zuen Sorsek.